ikastea

13
Mar
2009

Hiru bidaia

Korrika 16ren Ongi etorri horren harira euskara ikasle batzuek egin duten bidaia horren berri izan dugu asteotan, Bidaia intimoak dokumentalean adibidez. Asteon Argia aldizkariak ere ekarri dizkigu bidaia batzuen testigantzak. Euskara ikasi duten hiru pertsonarena hain zuzen ere: Hiru bidaia euskarara.

Hiru bidaiari horiek esandako batzuei bueltatxo pare bat eman dizkiet.

Enrike Díaz de Durana gasteiztarra, oftalmologoa lanbidez. Inguru euskaldun batean lanean zebilela, hizkuntzaren bizitasunak eta oposaketak prestatu beharrak ipini zuten bidean. Egunero Zumarragatik Bilboko euskaltegira arrapaladan. Han:

Alde batetik, ondo euskaltegian, baina gelan denbora asko galtzen genuela iruditzen zitzaidan. Etxean ikasten ohituta nago, eta ez eskolan hainbeste ariketa egiten.

Jakin mina geratu zait askotan barruan eta ikasleei behin baino gehiagotan galdetzeko egon naiz. Azkenean ausartu ez, edo erantzun politikoki zuzenegia (ez arduratzeko edo alferrikako tentsiorik ez sortzeko gezurra alegia) emango zidatelakoan hortxe geratu da zalantza. Modulazio luzeak, ordu asko, egunero eta... denbora galtzen ari direla sentitzen dute hauek? Ordu kopurua justifikatzearren ari garela zer eginak ematen pentsatu dute inoiz?

Egiten duten ahalgina ez da makala izaten egia esanda: 1000 ordu inguru egin ditzake ohiko ikasleak bi, hiru edo lau urtetan zehar, egunero. Nekagarria izan behar da "Uste dut zaila dela lan egin eta euskara ikastea, oso zaila". Bidaia hori antolatzeko beste modurik ez dago? Bide beretik luzera berdineko etapak bata bestearen atzetik errepide berdinetik... hori baino ez? Ez saihesbiderik, ez laburbiderik? Beti autobus berdina?

Eta bidaiaren akabuan:

Dakidana erabiltzen saiatzen naiz, baina kosta egiten zait, asko: lotsa ematen dit, okerra besterik ez dut egiten hitz egiterakoan, jabetzen naiz horretaz eta ez dut batere ondo eramaten. Denbora behar izaten dut esaldiak osatzen, pazientzia handia behar du nirekin euskaraz hitz egin nahi duenak: nekagarria naiz!

Bidaia nekagarriaren ostean norbera egin da nekagarri akaso? Lotsa, okerra... Autobide perfektua, ondo seinalizatua, erradarrez betea baino ez ote dugu erakusten? Ez gara inoiz galtzen basoko bidezidorretan? Errebueltaz beteriko errepide komarkalaren xarmak ikaratu egiten gaitu? Potentzia gutxiko autoarekin -edo bizikletan ere bai- kaleartean lasai eta patxadan ere ibil daiteke, ezta?

Mixele Aguerre Bidaia intimoak dokumentalaren protagonistetako bat da, eta Argiakoek ere egin dute berba berarekin.

Kolegioan nintzelarik talde bikain horretan, trukea egin genuen Leitzako ikasle batzuekin. Hara iritsi ginenean, ikustea mundu hori, guk hemen ezagutzen ez genuena, hau da, karrikan jendeak, gazteak, zaharrak, denbora guztian euskaraz... ni harriturik nintzen! Hartan ez nuen halakorik ezagutzen, eta anitz markatu ninduen, biziki oroitzen naiz. Pentsatu genuen guk ere berdin egin beharko genukeela, eta horrela ere euskaraz egitera animatu ginen

Enrikek ere Zumarragako ospitalean euskara bizirik ikusita sentitu zuen akuilua. Motibazioaz berba egiten denean faktore bati daukan garrantzia ematen ez zaiolakoan nago. Bizindar etnolinguistikoa-edo deitzen den hori. Inora joateko bidean jartzeko azken etapa hartako postal politak erakutsi behar dira seguruenik, ez hango pasaportearen zigiluak soilik. Baina hara helduta bidaiariak postalean ikusi duena ez dadila izan dekoratu hutsa edo miseria tapatzen duen monumentu turistiko hutsala.

Azken elkarrizketatua Jose Pérez Maroto leioztarra da, 30 urterekin ikasten hasi eta hor dabil

"Lehenengo eta behin, gustatu egiten zaidalako euskara".

"Eta zergatik ikasi nahi duzu euskara?" galdetu ohi dugu lehenengo egunetan, eta ez dakit erantzun estandar ote den, edo ondo deskribitzen ez dakigun zerbaitetarako formula, baina esango nuke gehien entzun ditudan erantzunetako bat dela, bere sinpletasunean: "gustatzen zait". Zer dago horren atzetik?

Gauza asko seguruenik, ez denak berdinak, baina bai sentimendu positiboa behintzat. Herri hau bidaiari askorentzat erakargarria da oraindik ere. Egia da askorentzat bidaia barik  odisea luzea bihurtzen dela erraz asko, erbesteratzea iritziko dio baten batek igoal, urrunegia, luzeegia, bisa eta tramite askokoa... baina bada era berean Ulisesek bezala Itakako etxea gogoan duenik ere. Eta bai, egia da, Shangri-la baten bila dabiltzan asko ere bai.

Gaurko osteratxo hau amaitzeko, neuretzat misterio apur bat daukan pertsonaia bat, bidean zehar askotan agertzen ei dena:

Oraindik kostatzen zaizu euskaraz jardutea, baina ikasi duzun hori erabiltzen duzu?

Lagunekin bai...

Lagun horien berri izan dut sarritan: "Lagunekin praktikatzen dut", "Beno, lagunekin hitz egiten dut noizean behin", "Euskaraz lagunekin bai, gero lanean ez...". Beti jakin nahi izan dut nor den lagun misteriotsu hori, euskara ikaslearekin euskaraz egiten duena. Ez dakit zergatik baina pertsonaia hori leienda urbanoa dela pentsatzeko joera izaten dut.

Eszeptikoegia naiz? Egia da badirela ikasleen lagunartean, harreman-sare hurbilean, euskara ikasten dabilela jakin eta hizkuntza-ohiturak apurtzera ausartzen diren lagun euskaldunak? Neure esperientziagatik badakit-eta harreman hurbilean hizkuntza berri bati tartea egitea ez dela erraza izaten, are inguruak laguntzen ez badu, baina gauzak bestela badira pozteko motiboa izango litzateke.

Tira, gaitz asko sendatzen omen ditu bidaiak.  Bistan da lagun hauei bideak ez diela batere kalterik ekarri.

Argazkia: Bus. Egilea: Elsie esq. Flickr-en. Lizentzia.

07
Urt
2009

Ikasteko ingurunearen 10 osagai nagusiak

Robin Good ezizenaren atzetik Luigi Canali de Rossi dugu, sarean azkenotan teknologia, ikaskuntza, hezkuntza eta abarren ingurumarian nabarmendu diren figuretako bat. Webgune aktibo eta mamitsua du, eduki interesgarriz beterik, ingelesez, italieraz eta portugesez idatzita.

Haren artikuluen artean lehengo abenduaren 26an publikatu zuen The 10 Key Components Of An Ideal Learning Environment And The Timba Music School Model (Ikasteko ingurune idealaren 10 osagai nagusiak eta Timba musika eskolaren eredua) irakurri dut.

Erromako musika eskola baten funtzionamendua eta ikuspegia abiapuntu eta aitzakia hartuta, ikasteari buruz ondorio mamitsuak atera eta ikastea ahalbidetzen duen testuinguruaren 10 osagaien zerrenda egin digu.

Hau da zerrenda laburtuta (ez daukat astirik-gogorik-animorik itzultzen hasteko, baina baten bat animatzen bada...):

  1. Irekitasuna. Ez dago ordutegi eta leku banaketa zurrunik. Eskola irekita dago beti ikasleentzat, eta han dituzte baliabideak eta pertsonak.
  2. Ikasteko baliabideak, objektuak eta tresnak.
  3. Kide apasionatuak, gogotsuak, zaletuak.
  4. Eskarmentuko pertsonak, arituak,esperientziadunak, ibilitakoak, adituak nahi bada.
  5. Ereduak. Pertsona trebeak, konpetenteak, jarraitzeko modukoak.
  6. Profesionalak. Ikasi nahi den esperientzia horretatik bizi den jendea.
  7. Probatu, esperimentatu eta erroreak egiteko aukera.
  8. Erakusleihoa, eszenatokia, jendeaurrean (benetan) jarduteko aukera.
  9. Elkarrengandik eta elkarrekin ikastea, momentuan, proba eta azterketak ikusmiran izan gabe.
  10. Ikasketaria gidariaren eserlekuan. Zer-non-noiz-nola-norekin ikasi aukeratu.

Musikatik euskarara pasatzeko ez genuke egokitzapen handirik egin beharko, ezta? Nago hauek guztiak hemen inoiz nola edo hala aipatuta ditugula gainera.

Argazkia: Ikusten eta ikasten. Egilea: Thorbion (Flickr). Lizentzia.

13
Urr
2008

Ato(i)an: ikasleak

Badakizue aspaldian sarean ikusten ditugun printza txikiak hona ekarri beharrean Atoan() izeneko azpigunean batzen ditugula. Hasi nintzenean ez nuen espero hainbeste emango zuenik, baina tontamentean egunero bospasei kontutxo botatzen ditut: nonbait ikusi dugun web interesgarriren bat, baten batek esandako zerbait, bideoak... Sarea oparoa da, baita euskararen/hizkuntzaren irakaskuntzaren ingurumari honetarako ere.

Gauzak jaso eta bota egiten dugu zuzenean, ez dugu asko jorratzen normalean. Horretarako dago karraju nagusia hain zuzen ere, eta aste honetan gauza batek eman dit komentatzeko gogoa Atoanen atoian.

Euskara ikasle batzuen berri heldu zaigu asteon saretik. Batetik Bilbon ikasten duten euskalerritar biri egin diete elkarrizketa El Correon, eta bestetik urruneko euskara ikasle pare baten berri eman digute Argiak eta Gaur8k: puertorricoarra bata eta japoniarra bestea hurrenez hurren.

Gutxitan ikusten dira bertoko ikasleekin elkarrizketak eta haien inguruko erreportajeak, gehienetan matrikulazio sasoiekin lotuta etortzen dira. Bestelakoa da atzerritik etorrita edo atzerrian bertan euskara ikasten dihardutena. Albiste golosoa bide da hedabideentzat hegoamerikarra, afrikarra, japoniarra edo poloniarrak euskara ikastea. Seguruenik txakurrak pertsonari haginka egin edo pertsonak txakurrari kontu haren bidez azaltzen da hau.

Aste honetakoan dena dela gauza bati erreparatu diot, ez nuke esango orokorra denik, baina aipamenen bila ibiltzen naizenean, gauza batek eman dit arreta. Kanpotarrek gehiago egiten dute berba euren ikas-estrategiez, hain zuzen ere Shinohara japoniarrak kontatu digu nola bere buruarekin egiten duen berba euskaraz, eta Ricardok Puerto Ricon EHtik euskaraz heltzen zaizkion mezuak jaso, behar den denbora hartu eta ondo ulertu arte egosi eta gero beti idazten duela erantzuna.

Bilboko ikasleen elkarrizketan baina, gutxi egiten da berba nola ikasten duten, gehiago zergatik, motibazioa eta -gehien bat- dirua, matrikula, diru-laguntzak eta halakoak. Euskaltegian ari dira biak, eta han jakingo dute zelan ikasi bestela.

Eta detailea, bertotik milaka kilometrora ikasi duten horiek egin duten gasturik handiena EHra etortzeko biletea izan dela dirudi.

Ekonomiaz eta krisiaz ari dira bazterretan, diruaz gu. Eta Jozulinen premonizioak bete ezean, beharbada Ken Carroll-en gomendioa hartu beharko dugu aintzat laster batean. Urruneko ikasleak irudimen eta ikuspegi zabalaren  faltan ez daude behintzat.

07
Urr
2008

Ple, ple, ple....

Aspertuta nagoela, PLEren asuntuan pentsatzen hasi eta hau egin dut. Euskara ikasle baten PLEa izan litekeena edo (edo, edo, edo).

Gero, Magic-ek udan aurkeztu zigun PLEa gogoratu dut eta irakurri-entzun dut berriro.

Bitartean, agregatzaileak abisua eman dit, eta Lola Torresen mezu honetara joan naiz: On/Off PLEs (Parte 1).

Ondorioa. Nire PLE hori agregatzailea baino ez da. Ikasteko baliabideen kopurua, kalitatea, irekitasuna eta haien jarioa hobetzen den neurrian ez daukat dudarik halako tresnaren bat baliagarria izan daitekeela ikasle (mota) batentzat. Baina Magic eta Lolarenak irakurrita beste zerbait (asko) falta delakoan geratu naiz.

Eta begitandu zait  ikasteko ingurune pertsonalaz baino ikasteko ingurune globalaz hitz egin beharko genukeela. Eta ingurune hori kokagune desberdinetan dugula: sare telematikoan eta ingurune fisikoan, inguru hurbilean eta inguru formalean; ikasgelan, ikas-plataforma telematikoan eta inguratzen gaituen errealitate  guztian (fisikoa zein digitala).

Azken batean, Lolak dioen modura:

Para los educadores, supone reconocer un concepto que asume el aprendizaje como algo que ocurre más allá del aula y que la tecnología institucional no puede abarcar todo lo que el aprendiente necesita.

Hau da, ikastea -gure kasuan helduek euskara ikastea- edonon eta edonoiz gerta daiteke, ez soilik leku eta denbora-tarte zehatz batean (ikasgelan eta eskola denboran).

Eta?

Ba, helduen euskalduntzeari sakadatxo bat eman nahi badiogu, bistan da ikaskuntza ingurune gehiagotara zabaltzea ez dela kalterako izango. Enfoke modura eta ez aplikazio-multzo modura ulertzen du Lolak PLEren asuntua. Neuk ere uste dut hori dela enfokea, enfoke irekia eta globala, ikastea leku askotan eta beti gerta daiteke.

Beraz, euskalduntzea planifikatzean komeniko zaigu begirada ikasgelatik eta erakundetik harago ere eramatea (fisikoki zein birtualki): hizkuntz-hausnarketa, elkarreragina, praktika, feedback-a, laginak eta ikas-prozesuaren osagai eta jarduera guztiak hedatzea nonbait, norbanakoaren ikas-prozesuan alde eta puntu desberdinetatik eragin dezaten.

Ken Carrollen hau ere irakurri dut egunotan:

I’ve always maintained that learning is multi-dimensional, and deepened when you approach the subject from different angles. (Nik beti uste izan dut ikastea multidimensionala dela, eta sakonagoa da ikasgaira zenbat eta alde desberdin gehiagotatik hurbildu).

Connectivism squares with our experience

Carroll-ek dioena ez dakit nik diodan ildo beretik doan (itzulpena ere ez da izango oso txukuna), baina esaldia bere horetan hartuta baliagarria zait. Ikasgaia ahalik eta alde, une, egoera eta toki gehienetan aurkeztu, ingurunean integratu azken batean.

PD: sarean nabilela Kanadako esperientzia honen berri izan dut: Learning cities. Hiria ikasgune modura interpretatua, ideiak sortzeko abiapuntu bat izan daiteke.

06
Urr
2008

Ikasten.net aurkeztuta

Ikasten.net zerbitzua aipatu genuen lehengoan, baita haren aitzakiarekin gogoetan hasi ere. Sustaturen bidez haren aurkezpen ofizialaren berri izan dugu: online dela, Hezkuntza sailaren ekimena dela, doan dela, 60 unitate dituela, ikus-entzunezko materialak eta ariketak dituela... Atariaren informazio orrian ere irakur daiteke gehiago.

Une honetan dauden baliabideen osagarri izan nahi omen du. Aurrekoan esan nuen bezala, aukera interesgarrien esparru bat ireki dezake honek.euskara ikasteko aukerak eta bideak ugaldu eta eskura jarriz. Bide ugariago eta desberdinak zabaltzen hasiko al dira!

Ikus dezagun zer ematen duen bada!

04
Urr
2008

Ikasteko ingurune soziala eskura

Euskara ikasi nahi duen baten kexa irakurri nuen lehengo egunean Euskara21en. Astirik ez euskaltegira joateko eta BOGAren bidez egin nahi lukeela, 1560 euro, Eusko Jaurlaritzaren webgunea sartu berriz, eta han 45 euroren truke egin omen daitekeen bitartean.

45 euroena lehenengo momentuan ez dut jakin zer izan den. Handik gutxira iragarkia ikusi dut ETBn: Ikasten.net hizkuntzan ikasteko plataforma, euskara barne. Hiru.com-en barneko zerbitzua da, bertora joan eta begiratu dut informazioan, 45 euro ez, hau debalde da bata! Egia da

Euskara21koak aipatu duena beste zerbait izango da orduan. Edonola ere, EJren eskutik euskara online ikasteko bi aukera (hirugarrenik ez badago behintzat).

Lehenengo erreakzioa. Baina hauek zer dabiltza? HABEren bidez BOGA kolokatzen digute, eta gero EJak berak debaldeko aukera zabaltzen du beste leku batean (eta beste sail baten esku seguruenik)? Prezioan halako aldea gainera! Lotsagarria, salagarria eta garri guztien parrastada...

Bigarren erreakzioa. Egunotan Hizpideren kontura bota ditugunak gogoan. Kontxo! Orduan euskara ikastea ez dago pentsatzen dugun bezain araututa. Debaldeko aukerak lehendik ere egon dira, baina orain administrazioa bera hasi da sustatzen. Eta aukera horiek debalde, eta libre. Beste zerbaitekin osatzeko modukoak alegia.

Ikaslearen autonomiaz sano jardun da azkenengo Hizpide horretan, teknologia aitzakia gehienetan. Hau da hau autonomia eta ikaskuntza konbinatua! Ikasi nahi duenaren esku aukera desberdinak jartzen hasi dira, berak aukeratu eta nahi duen modura konbinatzeko. Ez asko, egia esanda, baina egon badaude:

Adibidez. Ikasten.net-eko ikastaroa egin, praktika apur bat hartuta mintzapraktika egitasmoren batean sartu, bitartean lantzean behin han edo hemen dauden baliabideak eta ikasmaterialak erabili, hiztegia segapotoan kargatu, nonbaiten galdetu zalantzak, euskaraz zerbait irakurri, zerbait idatzi ere bai, euskaltegi edo zentroren batean ikastaro laburren bat egin, tailerren bat edo, doako ikastaroak bilatu... Posiblea da hau guztia une honetan, ezta?

Eta gu ultramodernook, PLE, ikaskuntza informala eta halakoak hemendik urte askotarako entelekiak bailiren, pentsatuaz interneteko webgune berri zoragarriren batek ekarriko dituela horiek guztiak (HABEri bonbila pizten zaionean akaso). Eta berton dugu uste dugun baino gehiago.

Ikas-paisaiarena gogoratu dut (ez dut ahaztu hobeto esanda). Eta ez da hori azken batean ikasteko ingurune soziala?  Ikasteko aukera ugari, eskuragarri eta norberak antolatzeko modukoak sustatzea eta eskaintzea? Ikaslea, irakaslea eta edukiaren arteko elkarreragina testuinguru, une, gune eta bide desberdinetatik jorratzea.

Eta Plistik dioen modura -erabat ados gure objektua den hizkuntza zein den eta zertarako ari garen jakinda- triangelu horri kubo itxura emanda, hiztunen komunitatearekiko elkarreragina gehitu, hau da, hizkuntza errealitatean erabiltzea ikasteko bidea eta gainera helburua ere badela aintzat hartzea. Ikasteko ingurune soziala emateko ezinbestekoa dela uste dut.

Baina muga batzuetatik harago joan behar da:

  • Ikastea = ikastaroa = erakunde homologatua  ikuspegia.
  • Ikaslea = matrikula ikuspegia
  • Hausnarketa hau guztia teknologia kontuetara (teknologia = ordenagailua = internet = autoikaskuntza kateara hobeto esanda) soilik bideratzea.
  • Ikasprozesuaren antolaketa = mailak = agiriak
  • Irakaslea = irakaslea
  • Ingurunea = ikastaldea / erakundea
  • Helduen euskalduntze-alfabetatzea = euskaltegiak
  • Euskaldunak = hori ez da gure ardura.
  • Euskara = kontu sinbolikoa

Eta zer egin daiteke bada? Une honetan badira bideak, lehen aipatu ditugu batzuk. Baina horrez gain, esaterako:

  • Ikasle eta irakasleen arteko komunikazio bide berriak ireki, ikastaroen mugetatik aparte. Adibidez, eta norberarengandik hastearren, euskara irakasle blogari-interneterook ikasi nahi dutenekiko kanalak jorratu.
  • Ikasteko baliabideen bankuak hobetu, ugaldu eta ireki.
  • Kontsultak eta aholkularitza puntualerako kanalak zabaldu.
  • Euskaldun ez irakasleen ekarpenerako bideak jorratu. Ideia tonto baina interesgarri bat ingelesez.
  • ...

Aukerak uste dugun baino eskurago daudela begitantzen zait.  Downes-ek dio errealitatea dela berrikuntzaren arerio nagusia. Baina orain esango nuke errealitateak berak dakarrela berrikuntza. Kontua da errealitatea ikusteko (edo ez ikusteko) erak daudela.

Irudia: e-Learning Interaction MatrixJason Rhode).

09
Ira
2008

Ikasten duen herria... erroreetatik

Ohikoak egin zaizkigu euskaldunoi geure herrian erroreez jositako kartelak, oharrak, idazkiak eta abarrak. Gaur berton erabili.com-en Lander Landa blogariak  erakutsi dizkigu Osakidetzan soilik batutakoak: Osakidetzako euskara hamar bat argazkitan.

Euzkal Erriaz Euzkaras Flickr-eko taldea aspaldi dugu ezaguna era berean. Han ere pieza ederrak batzen dituzte partaideek etengabe.

Horrelakoak ikusita barre garratza eta haserre graziosoaren artean geratzen gara euskaldun alfabetatu-letratu eta euskara zuzen-egoki-jatorraren jabeok (hori guztia akreditatzen duen tituluaren jabe eskuarki, ofiziala zein ofiziosoa). Eta Zelan bada halakoak? geure artean galdetuz amaitu ohi dugu.

Utzikeria (argi dago),euskaldunokiko errespetu falta (dudarik ez), seriotasun gutxi (ez nuke kontrakorik esango), eta geure sumina, samina eta min guztiak elikatu ahal dituzten keria eta gabezia guztiak ditugu hor jokoan. Beinke! (miopia, despistea eta halako bekatu arinak barkatuta, noski).

Baina apur bat estututa, galdera tonto batzuk datoz. Euskaldunon artean zenbatek jakingo lukete seguru-seguru atoan korridoretan eta korridoreetan bereizten duda izpi txikiena izan barik? Eta azkena edo askena aukeratzen? Zenbat konturatzen gara horrelakoetan akatsa dagoela?

Aurreko batean ibili nintzen psikolastoetan. Euskararen egoera une honetan ez da ikasten ari den herri batena? Hainbat eta hainbatek ez diote erreparatu ere egiten erroreari, erdaraz erreparatuko lioketen modura behintzat. Guk barre zergatik egiten dugu azaltzea kostatu ere egiten da, "txistea" ez dute harrapatzen askotan.

Euskara irakaslea bazara erraz konturatuko zara erroreaz, baina, aldi berean, errorera nondik ailegatzen den ere jakiten duzu sarri. Eta erroreetatik ikasten omen dela, eta errorea ahaleginaren emaitza omen dela, beharbada euskaldun letratuok, irakasleak bezala, errore horri zelako feedback-a eman behar diogun pentsatu beharko genuke. Erreieta da feedback-ik onena?

Ikaslea euskaldun gehienak badira ez da kontu makala.

Argazkia: Gari Euzkal Errian Euzkaras taldean (Flickr)

31
Mai
2008

Ikastea: eginkizun soziala?

Atoan-en batzen ditugun aipamenek leku ezberdinetatik etorrita bat egiten dute sarri denbora tarte laburrean. Egunotan berriro gertatu da. 

Batetik, Kataluniatik Dolors Solák Euskararen Berripaperean hau bota zuen:

Hizkuntza bat ikasteak ez du pertsona heldu berrien ahalegina izan behar, gizarte osoaren laguntza eta parte-hartzea behar dituen eginkizuna baizik.

Bestetik, Galiziatik Séchu Sendek:

Non se pode deixar o proceso de normalización da lingua galega no campo exclusivo das accións individuais como motor do proceso de transformación social.

Hizkuntza ikastea eta haren normalizazioa ezin dira ekimen indibidualak izan.

Heldu berriei buruz ari da Dolors, etorkinei buruz. Nago hizkuntza batera heldu berri guztiak ez ote diren heldu berriak, hizkuntz-etorkinak nonbait. Kontzeptua horrela zabalduta ondorioa argia da, eta uste dut Euskal Herriaren kasuan euskara ikasleari aplikatzeko ez genukeela traba handirik izango, ezta? Hizkuntza ikasteak inguruaren sustengua eta laguntza behar ditu, are gehiago normalizazio prozesuan murgilduta dagoen hizkuntzaren kasuan.

Ez da lehenengo aldia honetaz diharduguna (ezta azkena ere, espero dezagun), ikas-paisaiarekin egin nituen psikolasto batzuk aurrekoan. Eta haritik tiratzen jarraitzea merezi du.

Euskal Herrian 2001. urtean panorama hau genuen (Euskararen datu basetik jasoa):

Zazpi urte harez gero. Ia euskaldunak %20 inguru orduan. Helduen euskalduntzeak eta eskolatzeak jarraitu dutelarik, egingo nuke une honetan euskaldun eta ia-euskaldunen kopuruek parekatzera jo dutela, biak batuta erdaldun hutsen kopurua gainditzearekin batera (daturik?).

Zer interpretazio egin daiteke? Asko seguruenik. Bat, akaso, euskara ikasten ari den edo ikasi beharra duen ingurune sozial batean gaude, hizkuntza normalizatuko bada, behintzat hala izan beharko luke.

Eta zer sustengu sozial dauzkagu? Irakaskuntza arautua (eta euskaltegiak eta enparauak hemen daude sartuta) nahikoa da? Ikaskuntza prozesua errazten eta sustatzen dituen ingurune soziala dugu? Ikas-paisaia, nahi baduzue.

Esango didazue. Bai, euskarazko hedabideak ditugu (prentsa, telebista, irratiak...), euskarazko hizkuntz-paisaia nahikoa zabalduta dago leku askotan... Eta askotan honelako batekin amaituko dugu: "baina horretarako, norberak egin behar du haiek erabilita ikasteko ahalegina".  Ekilikua! Norberak. Eta galderak:

  • "Norberak" badaki inguruneak eskaintzen dizkion baliabide horiek ikas prozesurako baliatzen eta erabiltzen? Baliabide horiek hurbil eta eskura dauzka?
  • Ahalegin guztiek motibazioa behar dute. Zer motibazio dabil airean?
  • Euskara erabiltzen denetan populazioaren zati handi baten hizkuntz-gaitasuna, eta hura landu beharra hartzen dira aintzat? Eztabaidatzeko gaia izan daiteke seguruenik. Hizkuntzaren ekoizpen "normala" behar dugu, ez ekoizpen "pedagogikoa". Baliteke, baina euskararen errealitatea ez da gaztelania edo frantsesarena, edo danierarena nahi baduzue, euskaldunen komunitatean "ikasle" asko ditugu.

Nago -eta kontua mahai gainean ipini baino ez dut egin nahi, sententziarik botatzeko batere asmorik gabe-, euskara ikastea eta erabiltzea sustatzen duten mekanismo eta sare sozialen beharrean gaudela. Zer eta nolakoak? Ez dakit seguru. Ideia batzuk:

  • Hizkuntzaren praktika eta erabilera bermatzen duten sareak eta aukerak. Ez da berria, ez, mintzalagunen kontua hor dago. Egokia, beharrezkoa eta baliagarria, baina Littlebearri kasu eginda, ez dut uste bide magikoa bakarra denik.
  • Hizkuntza ikasteko ezinbesteko baldintza formari erreparatzea eta hartaz gogoeta egitea ei da. Tarteko hizkuntza berregituratu, osatu, landu... Euskategian (edo euskaltegietatik bideratutako ikas-jardueretan) egiten da hau gaur egun gehien bat. Prozesu hau pizten duten pilulak han eta hemen uztea ez da posible? Nola? Ez dakit, baina deigarria egin zait azterketa sasoi honetan zelan igo den Ikasbilen erabilera. Seinalea ote da?
  • Feedback-a, atzeraelikadura nahi baduzue. Badakizu, ondo ari zaren ala ez esaten dizuten seinale horiek guztiak (ez soilik boli gorriaren marrak) . Feedback-a elkarreragina behar izaten du sarri, hartu-emana. Norabide biko komunikazioa sustatu beharko litzateke ikasle jendearekin, ez norabide bakarrekoa soilik.
  • Ikasten ikastea. Oinarrizko konpetentziez gero eta gehiago mintzo den honetan, hortxe dugu bat: ikasten ikastea. Bai, autonomiaz, autoikaskuntzaz, ikas-estiloak, ikas-estrategiak... parra-parra azken urteotan, baina, trebezia horiek aplikatzeko aukerak eta baliabideak sustatu behar dira. Hain ohituta ez gauden ikasteko autonomia hori gauzatzeko erraztasun nahikorik inguruan?

Tira, batzuenak eta besteenak irakurrita burua berotzen da, eta harridakak bota eta gustura geratzen da norbera. Tiratu beharreko haria dela uste dut beste barik, edo igual ez, zeuek esan.

Oraingoz ideia bakarra daukat argi: euskara ikasteak euskararen irakaskuntza gainditzen du. "Horretarako hainbeste buelta?" esango duzue. Bai, baina kontua da horrela ikusi eta tratatu beharra ere badagoela.

Sindikatu edukia