teknologia

12
Mar
2007

Karrajua.kom

Gaur Joxe Arantzabalen blogean interneten sare sozial deitzen direnen inguruko mezua irakurri dut. Ning izeneko baten berri ematen digu hain zuzen ere.

Interneteko sare sozialak azken baten gune bateko erabiltzaileak interesen, gustuen, beharren edo gaien arabera batzen da. Talde horietako bakoitzari komunikaziorako baliabide desberdinak ematen zaizkio: blogak, foroak, fitxategien direktoriak, multimedia biltegiak, wikiak, eta abar. Foruen kontzeptu tradizionala osatuago nonbait. Gauza askotarako baliagarria izan daitezke: iritziak trukatzeko eta eztabaidatzeko, proiektuak bideratzeko eta jarraitzeko, fitxategiak eta dokumentuak konpartitzeko edo osatzeko, jarduerak eta ekimenak antolatzeko, edo beste barik, gai baten inguruan jarduteko.

Ning horrezaz gainera sare sozialak sortzeko eta antolatzeko hainbat eta hainbat tresna daude, eta inoiz hemen egin diegu erreferentzia batzuei: Orkut, Goingon, Elgg,... beste asko eta asko gehiago daude. Batzuk edozelako sareak sortzekoak izaten dira, eta beste batzuk gai edo interes batzuen ingurukoak. Hemen daukazue wwwhat´s new webgunearen zerrenda adibidez. Hor abaniko handia aurkituko duzue.

Aspaldian esan nuenez, karrajua.com domeinua daukat hartuta probak egiteko. Azkenengo proba Drupal 5 instalatzea izan da, eta instalazioarekin teknoendredatzen zer egin pentsatzen nenbilela Groups.Drupal ezagutu nuen, Drupal komunitateko kideak proiektu desberdinen arabera antolatzeko sare soziala. Gainera berton azaltzen dute zelan dagoen konfiguratuta.

Horrela bada, antzeko zerbait imitatzen saiatu naiz. Eta karrajua.com-en "com" horretatik tiratuta komunitatea edo sare soziala antolatzeko gunea sortzea okurritu zait. Euskalduntzean dabilen jendeari interesen araberako taldeak antolatzeko aukera ematea. Proiektuak talde-lanean garatzeko edo ikastaroak emateko ere balio dezake, Moodle-ek baino baliabide gutxiagorekin, baina malgutasun handiagoarekin aldi berean.

Kontua da alde batetik interesgarria iruditzen zaidala horrelako zerbait, baina ez dakit euskalduntzearen mundu honetan zerbaitetarako balioko lukeen. Patxitraperok aspaldian bota zuen sare sozial moduko zerbait sortzeko proposamena, eta erantzun gutxi eta baten bat eszeptikoa ere eduki zituen.

Beraz, eskertuko genizueke karrajua.com horri bisitatxoa egin eta iritzia ematea. Sartu eta saltseatu beldur barik.

Erabiltzeko sortu kontu berria ipintzen duen lekuan klikatu eta kontua sortuko duzue. Behin barruan dagoen talde batera batu, edo talde berria sortzeko aukera edukiko duzue. Talde bakoitzean momentuz hiru motako edukiak sortu ahal dira: istorioak edo mezu arruntak (blog baten antzera), liburuak edo testuak (wikia izatera heldu gabe, testu egituratuak sortu daitezke) eta inkesta sinpleak. Baliabide gehiago ipini daitezke, ideiaren bat badago, edo Drupal.org-en modulu interesgarriren bat ikusten baduzue, esan eta saiatuko gara probatzen.

Esan dudan bezala, proba baino ez da, hutsune asko dauzka oraindino (itzulpena, diseinua, antolaketa,..). Alpha bertsioan barik, alfalfa bertsioaren demoa edo jolasa baino ez dela esan daiteke, baina ideia nondik nora doan igarri daiteke.

Zer deritzozue? Merezi du horrelako zerbait antolatzea?

Esteka:

12
Mar
2007

Ikasten plataforma euskaltegiei irekita

HABEk duela gutxi zabaldu duen Ikasten plataforman euskaltegiei euren gunea kudeatzeko aukera emango die, ikastaroak eskaintzeko nahiz barne kudeaketa eta komunikaziorako, Moodle instalazioa erabiltzeko aukera azken baten.

Hemen daukazue HABEtik bidali duten informazioa:

IKASTEN plataforma erabiltzeko eskaintza

HABE erakundeak euskararen irakaskuntzan Informazio eta Komunikazio Teknologia berriak sustatzeko asmotan, IKASTEN izeneko plataforma euskaltegien esku jartzea erabaki du. IKASTEN plataforma Moodle-n oinarrituta dago. Moodle ikastaroak sortzeko eta kudeatzeko software multzoa da eta GNU (Iturri irekia) lizentzia publikoaren baitan garatzen da.

IKASTEN plataformaren bidez euskaltegiek mota askotako jarduerak burutu ditzakete: ikastaroak eman, ikasle eta irakasleen arteko komunikazioa indartu, klaustroaren zereginak bideratu, euskaltegiko egutegi eta jarduerak antolatu, ikastaro eskaintza zabaldu eta abar.

Erabilpen hori modu eraginkorrean burutu ahal izateko, euskaltegi bakoitzak IKASTEN plataforma orokorrean esparru berezitua izango du, beste euskaltegietatik aparte, baina betiere IKASTEN marka nagusiaren azpian. Euskaltegi bakoitzak administrari bat izendatu beharko du eta hau arduratuko da euskaltegiaren esparrua kudeatzeaz.

Euskaltegi bakoitzak zerbitzariaren diskoan 5 Gb-eko espazioa izango du bere jarduerak bideratzeko. Horretaz gain, euskaltegi bakoitzak bere esparruaren itxura aldatu ahal izango du muga batzuen barruan.

HABE erakundea arduratuko da IKASTEN plataforma bideratuko duen zerbitzaria eta honek behar dituen softwareak eguneratu eta mantentzeaz. Bestalde, IKASTEN plataformaren orrialde nagusian euskaltegi guztien ikastaro eskaintza erakutsiko da.

IKASTEN plataforma erabili nahi duen euskaltegiak ezinbestekoa du ondoren datorren eskaera-orria osatzea. Bertan berari dagozkion datuak beteko ditu eta euskaltegiko arduradunaren izenean sinatuta, HABE erakundeari helaraziko dio. Agiri horretan jasoak daude, besteak beste, euskaltegiak bere gain hartzen dituen betebeharrak.

Agiri hori jasotzean, HABEren zuzendariak ebazpen bidez onartuko dio Euskaltegi horri IKASTEN plataforma erabiltzeko eskubidea.

Hezi Top-ek norberaren ikastaroak eskaintzeko aukera eman zigun duela egun batzuk, orain HABEk ikasten plataforma zabaldu die euskaltegiei. Zerbitzua interesgarria da, baina alde batetik euskaltegiei inor Moodle kudeatzen trebatzea eskatzen die eta bestetik euskaltegi eta erakunde batzuk euren plataformak antolatzen hasita daude dagoeneko, ez dakigu eskaintza hau beranduegi ez ote datorren hain zuzen ere orain arte aktiboenak izan direnentzat.

Bestalde,  euskaltegi bakoitzak bere gunea edukitzeko pentsatuta dago, interesgarria izango litzateke, irakasleek, pertsonak alegia, eurek elkarrekin komunikatzeko eta konpartitzeko aukera edukitzea era berean.

02
Mar
2007

Teknologiaz eta globalizazioaz (Arkaitz Zarraga)

Denboran zehar hizkuntza asko desagertu dira, arrazoi ezberdinak direla medio. Mundu mailan, historian zehar gertatutako egiturazko aldaketak, Frantziako iraultza, inprentaren asmakizuna, iraultza industriala edota garraiobideen ugalketa besteak beste, txikien kalterako izan dira, hizkuntza indartsuen nagusitasuna ekarri dute. Orain arte biziraun dutenak egoera berrietara moldatzen edo isolatuta egoten asmatu dutelako daude bizirik.

Dakigunez, orain artekoan hizkuntzak galtzeko edo ahultzeko arrazoien artean, politikoak, soziokulturalak, ekonomikoak, demografikoak, axolagabekeria eta abar dauzkagu. Hauen ondorioz, hizkuntza txikiagoek lekua galdu dute, horizontalki nahiz bertikalki, eta hizkuntzarekin batera kultura osoak desitxuratzen joan dira, kultura nagusia asimilatuz.

Geureari dagokionean, arazo hauetako asko pairatu ditugula gogorarazi beharra dago, izan ere egun daukagun egoeran egotea mirakulutzat jo daiteke. Lehenik eta behin arazo politiko-militarrak pairatu ditugu. Argi dago, aurreko erasoen ostean, XX mendearen erdialdean izandako debeku eta jazarpen egoerak izugarrizko kaltea eragin digula, gaur egun oraindik ere sufritzen duguna. Ama hizkuntza euskara zuten askok galdu egin zuten, etxeetan zabaldutako beldurraren ondorioz transmisioa eten zelako edota eskolan pairatutako errepresio egoeraren ondorioz (eraztuna, egurra...) ume askok euskara galdu egin zutelako. Ondorioz, gune jakin batzuetan izan ezik, euskara kaletik desagertu egin zen, eta zeresanik ez lan-mundu komunikabide, botere-gune, administrazio eta abarretatik. Oraindik ere, asko dira, kendu zietelako edo inoiz izan ez dutelako, euskararik ez duten euskaltzaleak, eta zalantzarik gabe, euskararen normalizazioan pisu handia izan duen gizon-emakume taldea dugu: batetik euskararen normalizazioan zeresan handia izan zuten, ikastolen eta gau-eskolen sorreretan adibidez, baina bestetik, euskaldundu ez direnez, erabilerarako oztopo ere izan dira.

Arazo demografikoek ere berebiziko indarra izan zuten. Gauza jakina da, nahiz eta azken aldian kontu honen aipatze hutsa politikoki ez zuzentzat hartzen den, hemen inmigrazio politiko bortitza jasan genuela. Zonalde batzuetan bereziki, erdal gune zabalak sortu ziren. Honek ondorio ezberdinak ekarri zituen: euskararen desprestigioa baserritar hizkuntzatzat hartzean, erdaldun elebakarren eta euskaldun elebidunen arteko harremanetan erdara gailentzea (errespetuaren izenean), erdara eta modernitatea lotzea, euskara gaitzestea (hablame en cristiano) etab.

Hau guztia dela eta identitate kulturalaren galera gertatuz joan da, batez ere zonalde batzuetan.

Baina oraingoan datorren erronka berria "globalizazioa" da. Oraindik aurreko arazoak konpondu gabe ditugunean, tamaina honetako harriari eutsi behar!

Globalizazioaren aroan gaude. Honezkero mundu guztiak daki. Agian, gehiegi esatea izango da mundu guzti-guztiak dakiela horren berri, baina kontua da teknologia berriek dakartzaten aldaketak eta botereen bakantze hori geldiezina diruditela. Hala ere gehienok kritikatzen badugu ere, ezin uka daiteke nolabaiteko ikusmina ere sortzen digula “aurrerabideak”. Internetek eta teknologia berriek ematen dituzten aukerak hainbeste dira...

Batzuek, gutxi dakigunok baina apurka-apurka gauzatxo berriak egiten ditugunok, flipatzen dugu zabaltzen zaizkigun leiho berriekin. Ez naiz ari windowsek zabaltzen dituen leiho birtual horietaz, aukerez ari naiz; lanerako, ligatzeko, jolasteko, ikasteko, sexurako eta harremanak egiteko modu berriez. Gainera gehien harritzen gaituena ez da ikasten duguna, aldaketa honen eraginaren tamaina baizik. Badakigu mundua aldatzen ari dela baina ez dakigu noraino hel daitekeen. Badakigu imajinatu ere ez dugula imajinatzen. Erosketak, lana, dirua kudeatu, lagunekin hitz egin...orain etxetik egiten ditugu.

Beste gauza batzuekin gertatu den bezala, badakigu tresnek berez ez dutela errurik, erabilera egokiak ematen asmatu beharko genukeela. Baina kontuak kontu, orain artekoan txikien biziraupenerako kaltegarriak izan dira, gehienetan behintzat, eta oraingoan enbata gogorra dator. Gauzak horrela, beraz, geurearen alde zerbait egingo badugu, baliabideak azkar eta ganorazkoak jarri behar dira.

Globalizazioa diogunean,beraz, munduan harremanetan jartzeko modu berri batez ari gara, mugez gaindiko erlazioak, azkarragoak eta askoz ere anitzagoak. Gehiago, eta espazioan eta denboran ezberdinak. Zalantzarik gabe Internet dugu fenomeno honen bultzatzaile eta ikur nagusia. Esan dugunez, sare birtual honen bitartez orain arteko harreman guztiak aldatu dira. Edozeri buruzko informazioa jaso dezakegu amen batean. Munduko edozein leku, unibertsitate edo pertsona bisita dezakegu etxetik mugitu gabe. Baina honek, noski, hizkuntzaren arazoa dauka. Interneten zabalduen dagoen hizkuntza Ingelesa da, eta seguruenik edozein gairi buruzko informazioa bilatuz gero, ingelesez aurkitu ahal izango dugu. Gaztelaniak ere nahikoa presentzia handia du, eta horrela hizkuntza indartsuenek hurrenez hurren. Argi dago hizkuntza nagusiek askoz ere informazio gehiago sortzeko aukera dutela, eta honek arrisku bat dakar: Bakantzeko joera izatea. Punta-puntakoa denak irabazten du eta, noski, momentuz AEB dira nagusi.

Gauzak horrela, gerta liteke ordenagailu bidezko harremanetan hizkuntza batzuek nagusitasuna hartzea besteen kalterako. Ondorioz, hizkuntza guztiak egoera diglosiko batera helduko lirateke (eta seguruenik heltzen hasiak dira), non funtzio batzuetarako beste hizkuntza bat erabiltzen hasten diren (Seguruenik Ingelesa). Funtzio horiek garatu gabe geratuko lirateke hizkuntza txikiagoan eta nagusiak lekua kenduko lioke apurka-apurka. Esan gabe doa hizkuntza txikiaren erabileran ez ezik kalitatean (edo corpusean) ere eragina baduela, kalkoak eta maileguak etengabekoak izango baitira. Alderdi honetatik globalizazioa eta Internet bera mehatxu bat dira hizkuntza txikientzat. Baina Frantziaren gisako herriak ere hasiak dira neurriak hartzen.

Kontua da, kanpoan geratzen denak alferrik izango dituela bestelako ahalegin guztiak. Beraz, gure hizkuntza egoera berri honetara ere moldatzea funtsezkoa izango da, biziraungo badu.

Positiboan jarrita, informazioa jasotzeko ez ezik sortzeko ere baliabide ezin hobea dira teknologia berriak. Edozein arlotan aurreratzeko aukera ematen du, bai eta aurrerapenak zabaltzeko aukera ere.

Gainera itzulpen automatikoak hobetuz doaz, arlo honetan egiteke dagoena asko bada ere. Jadanik badira berehalako itzulpena egiteko gai diren programak, nahiz eta euskararako itzulpenak arazo ugari ematen dituen. Besteak beste gure sintaxiagatik. Bestalde, itzulpen memorietan oinarritutako programek arrakasta handia dute, eta hobetuz joango dira itzulpen memoriak ugaritzen diren heinean. Zalantzarik gabe urte gutxiren buruan oso garatuta egongo da modu honetako softwara.

Beste alde batetik, Euskararentzat leiho paregabea izan daiteke, munduko hizkuntzarik zaharrenetako honetara hurbildu nahi duen ororentzat. Garai batean euskarari buruz edozer jakin nahi zuenak hona etorri besterik ez zuen, gaur egun, ordea, Argentinatik, Australiatik, Kongotik nahiz Txinatik euskaraz entzun, irakurri nahiz ikasi ahal izango dute.

Azken aukera honetan, ikasteko aukeran, aldaketa handiak gertatu dira, batez ere euskalduntzean dihardugunontzat. Euskara ikasteko modu ezberdinak agertu zaizkigu, bai eta ohiko ikasketa moduan lagungarri gertatuko zaizkigun baliabide ugari ere.

Orain arte euskaltegira etorri izan diren ikasleek gela batean ordutegi batean eta irakasle batekin ikasi dute. Honek, gauza jakina da, ikasle kopurua mugatu egin du. Jende askok ezin du egunean bi ordu euskaltegian eman, are gutxiago euskaltegia etxetik urrun egonez gero. Kontuak kontu, orain arteko bi ardatz nagusiak, denbora eta espazioa, zeharo aldatu dira. Gaur egun, leku berean baina une ezberdinetan ikas daiteke (mediatekak), leku ezberdinetan une ezberdinetan (Internet bidezko programak: Boga, HIznet...) Leku ezberdinean baina une berean (Web-camen bidez) eta , noski leku eta une berean (ohiko klaseak). Hirugarren elementua, Irakaslea, irakasle izatetik tutore izatera pasatu da. Ikasleak berak ikasiko du eta gure lana bera gidatzea izango da, gu makulu bat izango gara.Ondorioz, orain arte urrun genituen ikasle potentzialengana heltzeko aukera zabaltzen zaigu.

Baina gainera ikasle mota ezberdinei egokitutako ikas-prozesua bideratzeko aukera irekitzen da. Askok, adibidez, trebetasun hartzaileak baino ez dituzte landu nahi izango (euskarazko informazioa jasotzea helburu dutenak), beste batzuk, aldiz, ordenagailuak ematen duen anonimatuaz baliatuko dira beste egoera batean sortuko ez luketena sortzeko eta jasoko ez luketena jasotzeko.

Sareen sarean, gainera, ezagutzatik erabilerara pasatzeko tresna ugari aurkituko dituzte (Txatak, Blogak...). Hori gutxi balitz, toki hauetan benetako erabilerarekin egingo dute topo, eta hori izaten da hain zuzen ere sarritan irakasleok dugun arazoa, ikasleei zuzentasunetik egokitasunera pasatzeko erabilera naturala helaraztea hain zuzen ere.

Argi dago arrisku handiak dituela mundu egoera berri honek, baina orain arte, arestian aipatutako mehatxu guztiei aurre egin badiegu, honi ere egingo diogula uste dut. Argi dago bide horretan hasiak garela, behintzat, eta horretan jarraitu beharko dugu, bakoitzak bere arloan, euskara ahalik eta egoera "punteroenean" gordetzen.

Dena dela, esfortzua mundu mailakoa izan beharko litzateke, uniformidadearen mehatxua hor egonda ere, aniztasunaren aldeko jokabidea bultzatu behar da. Hizkuntzak babestu beharra dago ekosistema ezberdinak salbatzeko espezie ezberdinak babestu behar diren moduan. Baina honek azterketa sakonagoa eskatuko luke.

Arkaitz Zarraga 

10
Ots
2007

Wiki-wiki

Hizpide 62 irakurtzen hasi naiz, Internet ikasgelan: Wikiak artikulutik hain zuzen ere. Wikiaren definizioa lantzen saiatu dira lehenengoz, gero webpaint zerbitzuan wikia nola sortu azaltzen dute eta azkenengoz erabilpen didaktikoen gainean ideia eta esteka batzuk ematen dituzte. Azkenengoz http://idazketatailerra.wetpaint.com helbidean idazmena lantzeko ikastaro baten parte bezala sortu duten proba azaldu digute gainetik.

Wikien balio didaktikoaz asko egin da berba azkenotan hezkuntza eta formazioaren inguruko guneetan. Baina egia esanda, denok aukera kopuru ikaragarria ikusten diogun arren, martxan konbentzitzen nauten esperientzia gutxi ikusi ditudalakoa daukat. Blogen antzera, "wiki interruptus" asko dabiltzala uste dut. Eta lastima da.

Kasu honetan ere Natxok eta Agurnek proba batekin erakusteko ahalegina egin diguten arren, uste dut teknologia-kontu hauekin dabilen beldur-fobia-ezjakintasuna gainditzeko jendeari zerbait inpaktanteago eta argiagoa erakutsi behar zaiola. Benetan funtzionatzen duen wikia, apur bat espektakularra ahal bada. Artikuluan hala ere, ahalegina egin dute adibide praktikoa sortzeko, eta hori zerbait bada. Asko dira teknologia berriaren marabilak predikatzen dituztenak ezer probatu barik. Ea wiki horrek zer ematen duen.

Wikiaren kontzeptuarekin berarekin daukat sentsazio hori. Wikia oso kontzeptu sinplea da, argia, idatzi zerbait, erakutsi, nahi duzunean aldatu dezakezu, aldaketak gordeta geratzen dira, eta gainera askoren artean idatzi daiteke. Baina, ez dakit zergatik, izenagatik agian, ikaragarri kostatzen da ulertaraztea. Jende askok iniziatuentzako kontzeptua dela segitzen du pentsatzen.

Behin wikiekin hasita egileei proposamentxoa botako diet. Zergatik ez dituzue ipintzen orain arte argitaratu dituzuen hiru artikuluok (webquest-ak, blogak eta wikiak) wiki baten? Horrela denok eskurago izateaz gainera, zuek (eta zuekin kolaboratu ahal duen jendea) eguneratzen eta osatzen joan zaitezkete: ideiak, estekak, lanak, zuzenketak... Ez da formaziorako ideia ona eta webdosazero totala?

09
Ots
2007

Moodle Doc-ak Euskaraz: interneten nahiz norberaren ordenagailuan

Moodle Doc-ak Euskaraz: interneten nahiz norberaren ordenagailuan - .Santurtziko Udal Euskaltegiak Moodle Doc-ak Euskaraz proiektuaren lehen aldia amaitutzat eman du. Duela hilabete batzuk Santurtziko Udal Euskaltegiak proiektuaren gidaritza hartu zuenetik lan eskerga egin du gero eta gehiago erabiltzen den bitarteko hau behar bezala atondu eta Moodle euskaraz erabili nahi dutenei eskaintzeko. Moodle Doc-ak proiektuaren helburua Moodle plataforma telematikoari buruzko dokumentaziorako gune nagusia osatzea da. [Santurtziko Udal Euskaltegia]

SUEko jendeak Moodle-n dokumentazioa euskaratu eta eskura jarri digu. Eskertzeko lana dudarik gabe. 

28
Urt
2007

Ongi etorri gure mundura

De estranjis blogaren bidez Jose Luis Garcia Sanchezek Gaztelania ikastaro baterako prestatu duen bideo hau ezagutu dut.

Jorratzen duen gaia eta jorratzeko modua itzelak, baina curriculum-ak, markoak eta enparauak gabiltzala, hain lazgarria izan gabe ere, geurean ere hizkuntzaren zer ikuspegi daukagun pentsatzen ipini nau.

Zer deritzozue?

12
Urt
2007

Youtube hizkuntza ikasteko

Planeta Educativo metabloga gauza interesgarrien iturri oparoa izaten da. Blog askoren segimendua egiten du, tartean hizkuntzen irakaskuntzaz diharduten asko. Bisita egitea gomendatzen dizuet, eta gehien bat haren jariora harpidetzea.

Gaur adibidez, teknologia berriak gora eta behera (badakizue webdosazero-eta) gabiltzala, El blog de Lola izenekoan gaztelania ikasteko Youtuberen aukerez post hau topatu dut.

 

ELE en Youtube

 

Interesgarria, ezta?

14
Abe
2006

Euskara ikasteko podcast-ak

Atzo zabaldu.com-era albiste hau bidali zen:

Hizkuntzak ikasteko podcast-ak

Albisteak Open Culture webgunean argitaratu duten zerrenda bati egiten zion erreferentzia. Hizkuntza ezberdinak ikasteko (arabiera, txinera, ingelesa, gaztelania,...) sarean aurkitu daitezkeen podcast-en zerrenda azken baten.

Euskara ez dago zerrendan, seguruenik hizkuntza txikiak aintzat hartu ez direlako, baina egia esanda, egon ere ez nuke esango halako podcast pedagogikorik asko dagoenik. Joxe Aranzabalek mezu honetan irratiengatik dioena beste hainbat arlotara zabaldu daitekeela uste dut. Zer daukagu bada euskaraz?

Irrati emisora batzuek podcast-a prestatuta daukate aspaldion. Karrajuaren jarioetan pare bat dauzkagu sartuta: Bilbo Hiria Irratia, Irratia.com eta Info7, hauezaz gainera saio pare bat egon da informatika munduan. Zerbait badago dokumentu mailan, entzungai-iturriak alegia.

Open Culture-n zerrendan agertzen direnak hizkuntza ikasteko blogak dira eta horretara enfokatuta daude hala ere, ez dira dokumentu hutsak, hizkuntza horiek ezagutzeko eta batez ere entutezkoaren ulermena lantzeko audio-materialak dira.

Pentsatzen hasiz gero, gurean ez daukagu halako askorik. Ikasbil-en entzungai bilduman Euskadi irratiko grabazioak eskaintzen dira, baina ez da haientzako jarduera didaktikorik eman ohi. Bestelako atazetan lantzean behin agertzen da entzungairen bat. Ahalegin bat agertu da duela gutxi Gizon arruntaren bloga sortu berrian, halaxe aitortzen zuten hasierako post-ean behintzat. Eta entzungaia-bideoarekin hornituta ikas-jarduera proposatazen duten mezu pare bat agertu dira dagoeneko.

Podcast-a gauza oso berritzailea eta konplexua iruditu dezake lehenengo baten, niri ez zait hainbesterako iruditzen. Azken baten audio-blog edo audio-jarioa dela esan daiteke.

Entzungaiak rss modura publikatzen dira eta ordenagailuarekin zein bestelako tresnekin (ipod,...) jarraipena egiten zaio. Webgune edo blogarekin osatu daiteke eta halako multimedia gunea sortu dezakegu. Eta zer diferentzia dago orduan Ikasbil-en bildumarekin adibidez. Nire ustez asko ez, publikatzeko eta erakusteko modua akaso. Baina hor egon daiteke klabea. RSSa edo blog-en moduko publikazioak entzungaiok denboran antolatzen eta jarduera didaktikoekin osatzeko aukera interesgarria eta erraza eman dezakete klaseak antolatzeko edo norberaren audio bildumak osatu eta konpartitzeko.

Boteprontoan ez dirudi beste munduko ezer, baina buelta pare bat emanez gero jorratzeko moduko aukera interesgarriak zabaldu daitezke. Begiratu adibidez gaztelania ikasteko podcast honetan entzungaiak material osagarriak saltzeko zelan erabili duten.

Aurreko baten saiatu nintzen Ikasbil-eko entzungaiekin podcast-a osatzen eta huts egin nuen, baina hemen dauzkat entzungai batzuk eta saiatuko naiz beste zerbait egiten. Ea denbora apur bat hartzen dudan.

Sindikatu edukia