Ikasteko baliabideak

09
Urr
2007

ESLvideo


Anibal de la Torreren
blogetik ESLvideo zerbitzuaren berri jaso dugu. Sarean blogetan, web orrietan eta halakoetan 2.0 tresnak erabiltzea gustatzen bazaizue, hau erabilgarri suertatuko zaizue seguruenik.

Sarean zerbitzu ezagunetan bideo interesgarriren bat ikusten baduzue zerbitzu erabilienetan (youtube, google video, daily motion... Euskaltuberekin probatu dut baina ez dut lortu ibiltzea), ESLk aukera ematen dizue bideoari galdetegiak, transkripzioa edo bestelako oharrak gehitzeko.

Eta esan bezala zeuen blog, orrian edo bestelako webgunean txertatzeko kodea ere ematen du.

Hemen daukazue proba bat:

Zerbitzua ingelesaren irakaskuntzari begira eginda dago nagusiki. Galdetegiak eta bideoak mailaka daude sailkatuta. Hala ere beste hizkuntzetako bideoak ere onartzen ditu (edo ez dituzte kentzen behintzat).

03
Urr
2007

Wikipedia

Iñaki Muruak bota du ideia bere blogean. Zergatik ez erabili Wikipedia euskaltegietan?

Kasu ezaguna aipatu du. Andaluziako Niebla herriko eskola batean bertako umeek idatzi zuten Nieblari buruzko sarrera, eta esperientzia hori nahikoa ezaguna egin da hezkuntzan wikiak eta Wikipediaren aplikazioaren eredu modura. Eta geurean ere halakorik ezin dugu egin?

Euskaraz ere badaukagu geure wikipedia, hainbat lagun dabiltza artikuluak idazten eta apurka-apurka osatzen. Euskarazko informazio iturri oparoena egin daiteke horrela interneten. Baina kolaborazioa behar da.

Gure ikasleen artean denetik dakien jendea daukagu. Inguruaz nahiz norberaren espezialitateaz. Ikasleek, goi mailetan gehien bat, euskaraz idazteko gaitasuna eta praktikatu beharra daukate. Benetako gauzak idaztea, publikatuko direnak eta inorentzat baliagarriak izan daitezkeenak, jokabide didaktiko interesgarria eta eragingarria izan daiteke. Kolaboratzeko arrazoi faltan ez gaude behintzat.

Iñakik polita izan daitekeela esan du, nik gehiago esango nuke, baliagarria, motibagarria eta praktikoa.

Ideia batzuk motorra berotzen hasteko:

  • Wikipediaren edo wikien inguruko atazak edo ikasmaterialak sortu, girotzeko, trebatzeko eta informatzeko.
  • Zirriborroak egiteko wikiak sortu debaldeko wiki-zerbitzuren batean (wikispaces, webpaint), ohitura hartu, idazten dena atontzeko, eta publikatu aurretik feedback-a jasotzeko.
  • Norberari interesatzen zaion informazioa bilatu, eta hutsuneak apuntatu. "Zer falta da?" "Idatziko dugu?".
  • (Euskal) Wikipediaren inguruko hitzaldiak edo aurkezpenak egin euskaltegian. Batek baino gehiagok gustura emango lukeela egingo nuke.
  • Norberaren euskaltegiaren sarrera egin.
  • Euskaltegi sarrera osatu. (Bai, hobe genuke inor endredatu baino lehen guk geuk egitea, bai).
  • ...Gehiago?
24
Ira
2007

Camille Fauque

Iraia Biteri irakasleak bloga zabaldu zuen aspaldian. Blog pertsonal eta "profesional" modura erabiltzen du. Esperientzia pertsonalekin batera klaseko jarduerak bideratzeko ere erabiltzen du. Honela bada, ariketa eta ataza batzuk plazaratzen ditu, eta ikasleen lanak ere bai.

Blogaren erabilera didaktikoaren adibide eta ideien iturri dugu Camille Fauque.

23
Ira
2007

Iparraldetik: ariketak eta bideoak


Iparraldeko AEK
-koek euren webgunean ariketa eta bideo sorta dauzkate eskuragai. 

Ariketak mailaka (1. urratsa baino ez oraingoz) eta gaika daude sailkatuta, eta pdf formatoan jaitsi ahal dira ordenagailura. Autoikaskuntzako ikasleentzako atazak dirudite. Hemen behean daukazue ale bat:

Bideoak Real Media formatoan daude eginda. Eurek egindakoak dira. Asko daude baina formatoak eta bideoen tamainak arazoak eman ditzake jaitsi eta ikusteko. Bideo bakoitzarekin galdera eta ariketa sortatxoa egoten da.

16
Ira
2007

Jolasten

Euskara klasean jolasa eta talde-dinamikaren funtzioaz jabetuta dabiltza irakasle asko. Eta haien artean jolas bila dabilenik ere izaten da. 

Jolasten blogean jolas bilduma aurkitu dezakezue, atalka banatuta.

Mezu bakoitzean jolasaren nondik norakoak, prozedura eta helburuak azaltzen dira fitxa batean.

Ez da azaltzen blogaren egilea nor den. Esteken artean Keima aisialdi zerbitzuen webgunea ikusten da.

Jolasen errepertorioa aberasteko leku ona beraz.

Ez litzateke ideia txarra jolas zaleak euren artxiboa zabaltzen hastea.

Argazkia: xapaburu

15
Ira
2007

Galdakaotar bloga

Hekzuntza Telebistaren bidez heldu zaigu Galdakaotar blogaren berri.

Jatorrizko hiztunen ahozko testuen bilduma asko egin dira Euskal Herrian, kontakizunen grabazioak eta transkripzioak gehien bat. Hizkuntzalarientzat material baliagarria izaten da ahozko corpusaren bilduma, eta neurri handi batean euskararen beraren testigantza historikoa ere bada. Hala ere, sarritan testigantzon balio linguistiko edo etnografikoari erreparatu zaie gehiago balio dokumental edo pedagogikoari baino.

Sarritan entzun dugu eskola-euskaltegietako euskara eta "benetako" euskara urrun direla bata bestetik, aste honetan berton irakurri dugu horren gaineko jardun bat erabili.com-en adibidez.

Galdakaoko proiektu honetan berrikuntza pare bat agertu direla esan daiteke. Hiztunak berba egiten duten gaiari pisua eman nahi izan zaio batetik (36ko gerra hain zuzen), eta herri hizkeraren transkripzio zehatzen ordez (azpitituluetan edo testu idatzian), berbaldunak kontatzen dutenaren laburpentxoa ematen dute azpitituluetan. Honela, arreta esanahira ekartzeko ahalegina egiten da, hizkeraren azterketa linguistiko hutsetik harago.

Euskara ikasten dabilen jende asko bertoko euskara bizirik (ahulago edo sendoago) daukan herri edo eskualde batean bizi da, eta berton ikasi gehienetan. Hala ere, ikasten duten hizkuntza inguruan noraino dagoen errotuta ez dute jakiten sarri. Eta euskara daukagun baino urrunagokotzat jotzeko erraztasuna egon daiteke.

Galdakaotar blogean egiten dutena euskara inguru hurbil horretan kokatu, ezagutu eta harekin identifikazio lokala sortzeko tresna eta ideia-iturri interesgarria izan daiteke. Hona beraz, baliabide interesgarria bateko, eta norberak egiteko ideia besteko. Frogatu digutenez, egiteko eta zabaltzeko baliabide teknikoak guztion eskura daude.

Hemen daukazue ale bat, artikulu honekin lotutakoa.

12
Ira
2007

Google Book Search

Ricardo Gomezen Filoblogiari esker asteon eduki dugu Google-en aplikazio honen erabilpenaren berri. FiloBlogiaren liburutegia Google Book Search-en.

Book Search-en bidez Google liburutegi erraldoia sortzen ari da sarean. Liburuak digitalizatu eta kontsultatzeko eran jartzen ditu. Liburuak eta haien testuak. Honetarako prestigioko liburutegi batzuen kolaborazioa dauka.

Ez da horrelako egitasmo bakarra hala ere, polemikatxoa ere sortu da kopia eskubideak direla eta ez direla eta Open Content Alliance izeneko erakundea sortu dute beste batzuek testu libreak zabaltzeko asmoz.

Edonola ere, Ricardok ederto erakutsi digu nola sortu daitekeen liburutegi pertsonala Book Search-eko liburuak hautatuz, eta liburutegi hori bistan ere jarri daiteke, konpartitzeko edo rss-aren bidez jarraitzeko.

Ricardok Euskalaritza zaharraren lanak bildu ditu berean. Nik proba egin dut hizkuntzaren didaktikaren inguruko batzuk batzen. Eta egon badaude, hori bai, ingelesez gehienak eta testuaren pasarte batzuk baino ezin dira berton kontsultatu.

Baliabide interesgarria duda barik norberaren bibliografiak osatzeko, formaziorako eta, testuak osorik sartzen badira, kontsultarako ere bai.

Estekak:

10
Ira
2007

IH: Formacion ELE

International House Eastern Spain IHren barruko hizkuntz-eskola taldea da. Hizkuntz klaseekin batera irakasleen formazioa ere eskaintzen du. Aktibitate honen barruan irakasleen formazioari begirako bloga zabaldu du haren Bartzelonako eskolak.

Blog horretan formazioren inguruko albiste eta gomendioekin batera gaztelania klaserako aktibitateak ere azaltzen dituzte.

Hemen dauzkazue batzuk:

Ez dut uste beste hizkuntza baten irakaskuntzara ekartzeko egokitzeko arazo askorik emango dutenik.

Edozelan ere blog gomendagarria... eta eredugarria.

06
Ira
2007

Euskaljakintza

Aspaldian geneukan aipatuta Maite Goñi ikasleekin polito atontzen joan den blog-webgune hau. Gaur Ikteroen blogean helbide aldaketa iragarri digute (bere domeinuan ezarri da: www.euskaljakintza.com), eta horrekin batera bloga eta berton batutako baliabideen berrantolaketa.

Baliabide ugari eskaintzen diren gunea izan da beti, eta -onena- Maiteren lana sarean jarraitu dugunok seguru gaude aurrerantzean gehiago eskainiko dizkigula. Euskara ikasteko eta lantzeko apuntatzeko moduko gunea duda barik.

06
Eka
2007

Lan ta lan

Emun hizkuntza zerbitzuen kooperatiba lan ta lan webgunea atondu du lan mundua euskalduntzen diharduten pertsona eta erakundeei baliabide iturri eta komunikazio gune modura zabaltzeko.

Blogaz gainera baliabide zerrenda interesgarriak dauzkate berton, lan munduarekin lotutakoak, baina lanetik haragokoak ere bai, besteak beste: